MICE + PELAX

MICE

Urte luzez hainbat proiektutan ibili eta gero Miren Narbaizak bere bakarkako bideari ekin dio. MICE izenpean kaleratu du bere debuteko lana. Zortzi kantu, zortziak bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa. Joseba Baleztena (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) musikari handia izan du alboan diskoa ekoizten. Narbaizaren konposizioen moldaketen ardura ez ezik, gitarrak, bajua eta teklatuak ere gehitu dizkio grabazioan. Ilargi Agirre (Perlak, Joseba B. Lenoir) zarauztarra eseri da baterian eta soinuaren ardura Iñigo Irazokik izan du. 

Napoka Irian hasi zen Miren musikaren munduan, Ander Mujikarekin batera makina bat kontzertu, bost argitalpen eta hamaika bizipen konpartituz. Ordutik ez da geldi egon, Perlak, Joseba B. Lenoir edo Dual Split taldeetan ere ikusi ahal izan dugu gitarra, teklatuak eta ahotsarekin lagunduz. Orain, besteekin konpartitzeaz gain, bere barrurako bidaia egiteko tenorea iritsi zaio, bere lanik eta pertsonalena. 

Taldearen Bandcamp-a hemen.

PELAX

Unai Pelayo donostiarra da Pelax. 2013ko azaroan hasi zen lehen bakarkako emanaldiak
eskaintzen, bere ahotsa gordinaz eta gitarra elektriko zikin batez baliaturik. Hilabete batzuk aurrerago, 2014ko martxoan, bere lehen EPa kaletatu zuen, Pillotegiko saioak, Iker Vazquezen laguntzarekin lokalean zuzenean grabaturikoa. 

Rockaren maitalea izanik, abestiak atontzeko banda bat osatu zuen 2014ko apirilean. Beñat Antxustegi, Aitor Rubio, Iñigo Ozaeta, Eneko Sierra, Andoni Olaetxea eta Iker Vazquez izan dira proiektura batu diren musikariak.

Bandaren laguntzarekin zein bakarka kontzertuak han eta hemen eskaini bitartean, bere lehen lan luzea kaleratu du 2015eko martxoan, autoekoiztua, Cowboy’s Orchestra saioak, Saran grabatua Iñigo Irazokirekin, eta Jonan Ordorikak masterizatua Azkarateko Mamia estudioan.

2017an argitara du bere azken lana. “Talkak egiten du didaktika”. Lan hau Iñigo Irazokiren Atala estudioan izan da grabatua, 2017ko uztailean, bere gain egon delarik dena txukun grabatu eta nahasteko ardura. 
Jonan Ordorikak masterizatua Azkarateko Mamia estudioan. 
Iñaki Rifaterrak ondu du xilografia teknikaz artelana, Lizarra eta Txondorra artean.

Taldearen Bandcamp-a hemen.

2019ko urtarrilaren 18an. 22:30tatik aurrera. Sarrera 5€.

Kartela: B3C