SUAIA eta AMA REBEL + BAD SOUND

SUAIA eta AMA REBEL

Raggamuffin Kamarada” lehen diska aurkeztera datoz, taldeak reggaeren sustraietara bideratu da, Gorka Suaiak konposatutako kantak grabaketa batean islatuz. Suaia eta Ama Rebel taldea ez da soilik reggae-ra mugatzen, hainbat estilo jorratzen baititu: dancehall, roots, rub-a-dub,… Taldeak sortzen dituen estilo ezberdinen bitartez, jendartean baztertze prozesuan dauden pertsonen alde eskeini nahi dituzte mezuak, reggaeren sustrai aldarrikatzaileak mantenduz eta ikur errebelde eta euskalduna astinduz.

Horretarako, A-Lone Ark Muzik Studioko Roberto Sanchez ekoizlearen ezinbesteko parte hartzea izan du, reggae klasikoaren antzera, ederto uztartuz Gorka Suaiaren mezu zuzenak eta aldarrikapen politiko konprometituak, A-Lone Arken ekoizpenetan, ohiko den roots estilo dotore eta melodikoarekin.

Grabazioan hainbat kolaborazio izan ditu taldeak, hala nola, Nadia Paz eta Monika Boneco, saxoan Saioa Jorrín eta Roberto Sanchez bera perkusio eta teklatu batzuetan. Lan hau sei kanta borobil eta atsegin eta lau dub bertsioaz osatuta dago.

Sound Systemetan propioa den dantza hipnotikorako dubak, A-Lone Arken ukitu eta soinu bereziarekin entzun daiteke. Lurretik urruntzeko, nork bere unibertsoan bidaiatzeko erritmoak. Eta musika itzela bada, Ribo diseinatzailearen lana ez da gutxiagorako. Horregatik, diseinua bere ederrean erakusteko, diskoa binilo formatuan ere aterako du.

BAD SOUND

Euskal Herrian jamaikar kultura eta musika egiteko modua ulertu eta barneratu duen talderik bada, hori Bad Sound System talde Irundarra da. Euskal Herriko Hip Hop eta Reggae eszenaren aitzindari, musika estilo hauek maite dituenarentzat nahitaezko erreferente bilakatu dira ia 15 urtez egindako ibilbide luze bezain oparoan. Euren zuzeneko indartsuengatik famatuak, gutxi dira gure herrialdean hirukote bilakatutako talde honek oraindik zapaldu ez dituen eszenatokiak. Izan ere, kontaezinak dira orain arte eskainitako kontzertuak. Euskal Herrian ez ezik, Frantzian, Catalunyan, Galizan, Andaluzian,etab… ere izan dute egoteko aukera eta ahaztu gabe, Mexiko eta Japonen zehar egindako birak, 2010 eta 2011an, hurrenez hurren, bakoitzeko hainbat herri eta hiri bisitatuz. Aipatzekoa ere, 2010ean Europako Reggae jaialdi garrantzitsuenetarikoa den Rototom Sunsplash-eko dancehall eszenatokian egindako saioa. 
Honetaz gain, nabarmentzekoak dira Bad Sound taldeak, betidanik, beste talde, DJ eta musikariekin egin izan dituen kolaborazio eta harremanak, bai Euskal Herrian, baita internazional mailan ere: Rude Hi Fi (Bologna-Dressden), ASK(EH), Fermin Muguruza(EH), Sorkun(EH), Lengualerta(Mexiko), Mungo´s Hi Fi (Eskozia), Fogata sound(Paris), Illbilly Hitec(Berlin), Jage(RubaDubMarket/Japon)… 2006an, Zu2aK izeneko plataforma eratu zuten, Reggaearen kultura Euskal Herrian bultzatzeko asmoz, batez ere Bidasoa aldean. Honi esker hainbat herrialde ezberdinetako Mc, Dj eta sound systemekin batera antolatutako saioez gozatzeko aukera izan du Euskal Herriko hainbat eta hainbat Reggae zalek.

BAD Sound System, egun Bad Sound, taldearen aurreneko lana, “Buiaka”, Kontrakalea/Metak-en eskutik argitaratutakoa, taldearen ibilbidearen hasierakoa da, 2004koa, Zambra aretoan zuzenean grabatua. 2008an, Zu2aK eta Talka-ren laguntzari esker, izan zen kaleratua “Kalean” diskoa, taldearen bigarrena. 2013ko abenduaren 5ean, Bonberenea Ekintzak-ek kaleratuko zuen “Aldaketa” diskoa

“Aldaketa” diskoan, betiko indarrarekin hornitutako 12 kantu aurkituko ditu entzuleak, kontzientziak dantzan astintzeko prest. “Beti berdin” bezalako krisia sortu dutenen aurkako salaketa zuzen batetik, Rude Hi FI eta Lengualertarekin egindako “Word, Sound and Power” hitzaren indarraren goraipamenera arte, auzo harrotasuna hizpide duen “Rsistentzia”, Mosku auzo Irundar mitikoari eskainitako abestia eta herrien askapenaren aldeko “Herri denak aske” abesti internazionalista bezalakoetatik igaroz. Erritmoak ere askotarikoak eta ekoizle desberdinek sinatutakoak, Hugo (Spartak-Fogata Sound), Dario (Bahatawi Records), Illbilly Hitec (Berlin), Dj Mau y Selektah Stepi (BAD Sound System), Weedy G, Jahtari, Jon Elizalde(Jontron), Santi Noriega(Baxua), Kortxo eta Mikel (Txalapartariak),Ras Miguel…Rap, Reggae eta Dancehall giroan guztiak, Kenitra eta Masta Mc-en hitzentzako paisaiarik onenak. ”Aldaketa” diskaren diseinua, Punker(Rebel Sounds) mexikar lagunaren lan bikaina da, taldearen mezuaren irudikapen ezin hobea eta aurrekoan bezala,oraingoan ere,nahasketa eta masterizazioa Maikel-ek egin du, Bera-ko MIK Studio-an. 

Eta 5 urte geroago, 2018aren amaieran “Birsortzen” diska grabatzen dute. 8 kantuz osaturiko diska, eta hainbat kolaborazio biltzen dituena.

2019ko otsailaren 1ean. 22:30tatik aurrera. Sarrera 5€.

Kartela: B3C